DONOSTIAKO DANBORRADA

Mikel Legorburu
 

Donostiako danborrada ez zen sortu Napoleonen Armada hirian izan garaian, frantsesek 1813an alde egin eta hainbat urtera baizik, XIX. mendearen 30eko hamarkada aldera. Donostiako Motako gazteluko bertako soldaduek hiriko harresien inguruko zaintza egin behar zuten egunero, eta erronda musikariez lagunduta burutzen zuten, danborlariak barne. Kontuan hartzekoa da garai hartan hiriak lehen karlistadaren ondoriozko setioa jasan behar izan zuela, eta errondek berebiziko garrantzia zuten. Halako batean, neguko inauteri garaian herritar batzuk danbor hotsak imitatzen jardun omen zuten soldaduen atzetik. Okurrentzi hura aldi batzutan danborrada informala bezala errepikatu ondoren, jaietako ohitura bilakatu omen zen.

Lehen aipaturiko soldaduak San Telmoko koarteletik (egungo hiriko museoa) hiriko ate (Lurreko Atea -Bulebarrean-, Lastakoa -kai alderako Portaletasen-...) eta harresietako goardia aldaketa egiteko bidean, pifano eta danborlariz laguntzen ziren, bada, eta San Bizente elizaren aldameneko iturrietatik pasatzerakoan, ur bila zebiltzan etxekoandre, neskame, okin eta abarrek, txandaren zai zeudela, ura biltzeko erabiltzen zituzten upeletan danborren hotsak imitatuz aritu omen ziren noizbait.

Behin jaia ospatzeko era hori notizia bezala jaso zenean (1836) argi azaltzen da inauteri jaia zela. Danborrariek konpartsa osatzen zuten jada, eta goizeko 5etan irteten ziren denbora eginez goizaldera Plaza Berrian (Konstituzio plaza bera) askatuko zen sokamuturra iragarri asmoz, bitartean jaiaz gozatuz, bakoitzak nahi zuen bezala mozorrotuz. Urtero egonkortzen joandako ohitura izanik, aurrerago espreski aukeratzen zuten mozorroa (turkiarrez, muskuiluz...). Musika ere egokitzen zuten, askotan pieza berriak asmatuz. Honela zebiltzan, behintzat, Unión Artesana elkarteko kideak.

Hala, koadrila batek mozorrotutako konpartsa bezala irtetzea erabaki zuen.

Konpartsari hauek, urtero, halako beste edozein mozorro janzten zuten inauteriko desfiletan, beraiek gozatzen zuten bitartean publikoa ere diberti zedin espektakulo zaratatsuaz.

Hala, hor nonbait danborradaren sorrera…

Historia zehatz jarraituz, Donostiaren jai eguna, berez, Donostiako inauterien lehenengo eguna zen, ez gehiago ezta gutxiago ere.

Jar gaitezen 60ko hamarkadan. Raimundo Sarriegi musikari donostiarrak, besteak beste, hainbat eta hainbat pieza sortuak zituen herriko konpartsek inauteritan kanta zitzaten. Gaur egungo danborradetan jotzen direnak 1861 eta 1885 bitartean sortu zituen, eta inauteri piezak ziren bete-betean. Sarriegiren Donostiako Martxa (lehendik bazegoen besterik ere) Serafin Barojaren hitzez osatuta 1861ean estrainatu zen, eta atabal hotsak aipatzen ditu bertan.

...
Gaurtandik gerora
penak zokora
Festara! Dantzara!
Donostiarrei oihu egitera gatoz!
Pozaldiz! Inauteriak datoz!
...


Raimundo Sarriegi

Hala ere, hainbatetan danborradak egiten baziren ere, fundamentuzko lehenegoa 1871koa izan omen zen, Unión Artesana eta La Fraternal elkartekoek bat eginda. Handik aurrera urtero-urtero San Sebastián egunean irtetzeko ohitura lege bihurtzen joan zen.


Unión Artesanakoak, txino mozorroekin

1881ean Udalak opari berezia egingo zien danborrada antolatzen zuten elkarteei: hiriko goarnizio militarren esku zeuden danborrak eskaini zizkien jai nagusian erabil zitzaten.

1882 urtera arte ez ziren soldadu "napoleonikoen" itxurako uniformerik erabili. Kontuan izan Napoleonen garaiko frantsesek 1813an utzi zutela Donostia, eta data hori oso urruti zegoen janzki dotore haiek lantzeko konpartsa moduan irtetzeko. Historiatxoak, halare, badu bere argibidea.

Langile batzuk San Telmo Koartelean garbiketa lanetan ari zirela aspaldiko uniforme militar batzuk aurkitu zituzten, Independentzia Gerrako (1808-1813) edo San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioaren garaikoak (1823). Armadak uniformeak jaso eta Udalari eman zizkion. Udaletxean, berriz, egoera onean zeudela ikusirik, inauteritan konpartsa eratzen zuen elkarte bati, Unión Artesanakoei oparitu zizkion (danborrada antolatzen zuen bakarrari), mozorro gisa erabil zitzaten nahi izanez gero. Orduan izan zen lehen aldia uniforme napoleonikoen itxurakoak kaleratu zirenekoa, mozorro gisa. Espainiar Armadaren janzki zaharrak ere izan zitezkeen haiek.

Delako elkarte horren inauteritako danborrada berria oso atsegina iruditu zitzaien bai taldekideei nola herritarrei, eta hurrengo urtetan berriz ere erabili zuten mozorro bera, eta betiko jantzitzat hartu zituzten uniformeak. Ez zuten, gainera, urtero mozorro berririk prestatu beharrik.

Halako arrakasta izanik, beste elkarte batzuk danborradak eratzeari ekin zioten, eta lehenengo Unión Artesanako hark ohikoa eragindako janzki mota uniformatu hura hartu zuten eredutzat.

Mende aldaketa aldera Unión Artesana elkarteak jatorrizko ohiturara itzultzeko asmoa agertu zuen, beste era batera mozorrotuak irtetzeko danborra joz, eta ez ordea uniformatuak.

Hala ere, ideiak porrota besterik ez zuen suposatu, jendeak "napoleonikoz" ikusi nahi baitzituen danborlariak.


Lanpernen Konpartsa

Inauteri garaian donostiarrek ongi asko eutsi izan diote kaxkarin izengoitiari, noiznahi jaiak antolatu eta gozatuz. Hala, Turkia nahiz Hungariako Galdaragileen Konpartsa, Inude eta Artzainena... Hauek guztiak koreografia, musika berezia, kantuak eta perkusio tresnaz lagunduta, Danborradaren antzera.

Inauteritan konpartsa batzuk danborra joaz irten izan ziren, lanpernaz jantzita... Baina, pixkana urtarrilaren 20ko jai nagusiko Danborrada inauteriaz bereiziz joan zen. Donostiako Martxak aspalditik danborrada jotzeak inauteri hasiera iragartzera zetorrela bazion ere, jada, San Sebastian eguneko ezaugarri nagusiena izatera iritsiko zen.

Hona hemen antigoaleko beste argazki pare bat, argi ikusten delarik danborrariak ez zirela beti soldadu eta sukaldariz mozorrozten: